lunes, 19 de diciembre de 2011

Ana Sáez de Urabainen: “Etxerat familia handi bat da”

Maria GARDE

Kementsua eta borrokalaria da Ana Sáez de Urabainen Etxerateko kidea. Urteak daramatza lanean euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta gainerako senideek bezala berak argi dauka: “etxean nahi ditugu”. Borroka luzea eta sufrimenduz beterikoa izan da berarentzako. Bere helmuga askatasuna.

Lehenengo xehetasun bat egingo dugu, zer da etxerat? Eta zeintzuk dira bere aldarrikapen garrantzitsuenak?

Etxerat euskal preso politikoen senideen elkartea da. Ideologia desberdinak dituzten pertsonez osatua dago, eta gure senide presoen eskubideen aldarrikapena da elkartzen gaituena, haien eskubideak sistematikoki urratuak direlako.
Azken urteotan eskubideen urradura bortitzenak lantzen ari gara. Hau da, dispertsioa, bizi osorako zigorra eta preso gaixo larrien etxeratzea. 

Zein da Etxeraten azken helburua?

Helburu behinena gure senideak etxera ekartzea da, etxean nahi ditugulako. Hori da helburua, etxera ekartzea gure senide presoak.

Etxerat kolektibo zabal eta anitza da, ideologia eta bizitza ulertzeko era desberdinak dituzten senideak batzen dituena. Inork ez du nahita Etxeraten parte hartzea aukeratzen, baina senideen lan eta kemena izugarria da, zergatik?

Lehenik eta behin, mota honetako gertaerak ematen direnean, atxiloketa, komisaldegiko torturak eta ondorengoko espetxeratzea, senideak bakarrik sentitzen dira. Funtsean Etxeratek laguntzen ditu senide berri horiek eta oso garrantzitsua da senideek bizi behar duten momentu zail eta gogor horietan babestuak egotea.
Finean, gure senide presoen eskubideen defentsa da batzen gaituena.

Nola bizi dute senideek Barne Ministerioak mantentzen duen espetxe politika , hau da, dispertsioa?

Min eta sufrimendu handiarekin. Asteburu guztietan milaka pertsona errepideetara ateratzen dira milaka kilometro egitera. Baditugu kasu estremoak, badira espetxean 20 urtetik gorako zigorrak beteta dituztenak eta ondorioz badaude senide asko oso nagusiak direnak, beraientzat horrelako bidaiak egitea oso arriskutsua da. Horrez gain, haurren kontua dago. Gasteizen badaukagu Chema Matanzasen (Puerto de Santamaria espetxean) eta Maite Diaz de Herediaren (Topas Salamancako espetxean) semearen kasua, gurasoak espetxe desberdinetan ditu eta ia 2000 kilometro egin behar ditu gurasoak ikusteko eta gainera bananduak.

Espetxe barruan ere ezinegon handiarekin bizi dute. Larritasun handia dago jakiteko ea ondo heldu zaren etxera, edota istripuren bat eduki duzun beldur izaten dira. Dispertsio urte luze hauetan 17 senide hil dira errepideetan. Azkena, Teruelerako bidean Unai Gonzalez preso gasteiztarraren aubea. Eta Espetxe barruan 21 preso hil dira dispertsioa dela eta.

Dispertsioa zentsu guztietan ematen da. Alde batetik, jaioterritik, ingurune sozialetik, lagun eta senideetatik urruntzen dituzte presoak. Bestalde, haien artean sakabanatuak daude ehunka espetxeetan. Binaka jartzen dituzte eta askotan isolatuak daude egunean 22 orduz. Sufritzen duten bakardadea oso handia da. 

Kalean militante ziren moduan espetxean militante izaten jarraitzen dute, EPPKren (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) parte dira. Erraza da kolektiboarentzat erabaki bateratuak hartzea?

Hori haiek erantzun beharko lukete, zaila da galdera horri erantzutea. Bananduak daude eta garrantzitsua da gertu eta elkarrekin egotea, ez bakarrik dispertsioaren kontra gaudelako, baizik eta haiek ahotsa eduki behar dutelako. Euskal Herrian ematen ari den prozesuaren parte aktibo izan behar dira eta horretarako eztabaidatu eta erabakiak hartu behar dituzte. Ezinbestekoa da elkarrekin egotea.

Aipatu dituzun zailtasunekin, kolektiboak Gernikako akordioarekin bat egin zuen duela gutxi. Haien esanetan konflikto politikoaren parte diren moduan bere ebazpenaren parte izan behar direlako. Helburu horrekin, kolektiboak aurre-pausua eman du. Horri erantzuna emateko, zein neurri hartu beharko lituzke Espainiar Gobernuak?

Gobernuak Euskal Herri osoak eskatzen diona egin beharko luke. Gaur egun gehiengo sozialak uste du presoak EHan egon behar dutela, gaixo larri dauden presoak haien etxeetan, kondenaren hiru laurdenak beteta dituztenak aske … luzea da Gobernuak egiteke dituen gauzen segida. Momentu honetan ikusten ari gara Estatuak egin beharko lukeenaren kontrakoa egiten ari dela edo behintzat jarrera pasibo batean dagoela. Interes politiko handiak daude tartean, baina eskubideen urraketa eten beharko luke Estatuak. 

“Egin dezagun bidea” leloarekin urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deituta dago Euskal Herri guztia. Herri mobilizazio orokorra izatera deituta dago, Kolosala izango dela irakur daiteke kaleko propagandan. Aurten ere Etxerateko kideak bertan egongo dira bere senide presoak ordezkatuz. Zer espero duzue manifestazioaz?

Espero dugu kaleak betetzea espetxeak hustutzeko. Oso garrantzitsua da aurten mobilizazioa, izan ere etapa berri baten atarian gaude, eta inoiz baino gehiago presionatu behar dugu euskal preso politikoen eskubideak errespetarazteko. Egiten dugun analisia sinplea da, uste dugu momentu honetan Europan ematen ari den biolentzia politiko handiena hemen ematen ari dela euskal preso politikoen kontra. Gaur egun, ez dira bakarrik senideak konprometituak daudenak, baizik eta euskal gizartearen zati handi bat ere. Gainera gainerako herrien elkartasuna oso handia izaten ari  da, batez ere herri latinoamerikarrena eta Europako beste herri batzuena ere. Beraz, bai, espero dugu benetan kolosala izatea. 

Euskal Herrian gatazka politiko bat dagoela ulertzen bada, ezagutzen ditugun gainerako errealitateak hordik eratorriak dira, baita biolentzia guztien biktimen sufrimendua ere. Zer sentitzen dute Etxerateko senideek terrorismoaren biktimez hitz egiten entzuten dutenean?

Bakoitzak era desberdin batean bizi du Etxerat oso zabala delako. Nik pertsonalki pentsatzen dut Etxeratek momentu honetan presoen senideak eta presoak konfliktoaren biktima direla aldarrikatzen duela. Guk hori nahi dugu, biktima guztien aitorkuntza.

Gutxi gorabehera 64 gasteiztar daude preso arrazoi desberdinengatik eta adin desberdinetakoak, kontuan hartu barik ihesean edota zigorren zain daudenak. Ze panorama usten du honek Gasteizko Etxeraten?
 
Urte batzuetatik hona gauzak aldatu egin dira, eta aldatu dira preso motak. Duela urte batzuk, pertsonak espetxeratzen zituzten erakunde armatuaren parte edo kolaboratzea egotzita, orain preso asko gazte erakunde politikoen parte izateagatik espetxeratuak daudenak aurkitzen ditugu. Beraz, bai aldatu da kolektiboaren egoera.  

Senideen kasuan ez dago hainbesteko desberdintasunik. Honek ukitzen zaitu eta kito, aurre egin behar diozu. Azken finean barruan daudenak erabaki dute, senideek ez. Baina esan beharra dago Gasteizko Etxeraten parte-hartze handia dagoela. Bi asteetan behin batzen gara eta senideen %99a etortzen da. Integratuak eta batuak sentitzen dira, azken finean Etxerat familia bat da. Askoren kasuan gizarteak, lagunak eta gertuko familiak bizkarra eman diete eta Etxerat bere familia bilakatzen da. Hemen ulertuak sentitzen dira, izan ere, hitz egiteko eta konpartitzeko esparrua daukate.

Urte asko daramatzazu senideekin lanean, eta zuk ere izan zara haien sufrimenduaren protagonista. Azaldu daitezke senideen bizipenak, kalean ikusten ez ditugunak, etxe hutsekoak?

Hori azaltzea oso zaila da, bizi ez duzun bitartean ezin duzu ulertu. Oso garrantzitsua da gertaera hauek ematen direnean senideek haien artean babestea, enpatia handia dagoelako. Zuk bizi izan duzu egoera berdina eta ulertzen duzu senide berriaren tristura.

Ezinegona oso handia da, galdera asko egiten dizkiozu zeure buruari, ondo egon ahal da?, ondo tratatu ahal dute? Osasun kontuak, elikadura, bisitak ... Espetxera heltzen zarenean ez dakizu zer topatuko duzun. Ezinegona luzaroan bizitzen duzu, baina barnetik, ez dakizun toki batetatik, indarra ateratzen duzu, indarra borroka egiteko. Bitxia da, urte asko daramaten presoen senideen kasuan, luzaroan tentsio horrekin bizitzera ohitzen direnez presoa etxean dutenean lur jota geratzen direla.
Gainera badakizu barruan dagoen pertsona indartsuak ikusi behar zaituela eta indar guztiak ateratzen dituzu haiek ondo zaudela ikusteko. Eta paradoxikoki haiek egiten dute gauza bera.

Bukatzeko, Etxerateko kide bezala, preso politiko ohi baten ama eta Euskal Herritar bezala, zer da zuretzat askatasuna?

Niretzat askatasuna dena da, utopia Euskal Herri libre batean bizi ahal izatea. Argi dago presoak etxera ekartzea suposatuko lukeela askatasunerantz ibiltzen egongo ginatekeela. Nik 16 urteetatik daramatzat borroka honetan eta askatasuna lortzea Euskal Herriarentzako eta bertan libre izatea nire gailurra da. 
“ Amestu dezakezun gauzarik handiena askatasuna da”




No hay comentarios:

Publicar un comentario