lunes, 19 de diciembre de 2011

Ana Sáez de Urabainen: “Etxerat familia handi bat da”

Maria GARDE

Kementsua eta borrokalaria da Ana Sáez de Urabainen Etxerateko kidea. Urteak daramatza lanean euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta gainerako senideek bezala berak argi dauka: “etxean nahi ditugu”. Borroka luzea eta sufrimenduz beterikoa izan da berarentzako. Bere helmuga askatasuna.

Lehenengo xehetasun bat egingo dugu, zer da etxerat? Eta zeintzuk dira bere aldarrikapen garrantzitsuenak?

Etxerat euskal preso politikoen senideen elkartea da. Ideologia desberdinak dituzten pertsonez osatua dago, eta gure senide presoen eskubideen aldarrikapena da elkartzen gaituena, haien eskubideak sistematikoki urratuak direlako.
Azken urteotan eskubideen urradura bortitzenak lantzen ari gara. Hau da, dispertsioa, bizi osorako zigorra eta preso gaixo larrien etxeratzea. 

Zein da Etxeraten azken helburua?

Helburu behinena gure senideak etxera ekartzea da, etxean nahi ditugulako. Hori da helburua, etxera ekartzea gure senide presoak.

Etxerat kolektibo zabal eta anitza da, ideologia eta bizitza ulertzeko era desberdinak dituzten senideak batzen dituena. Inork ez du nahita Etxeraten parte hartzea aukeratzen, baina senideen lan eta kemena izugarria da, zergatik?

Lehenik eta behin, mota honetako gertaerak ematen direnean, atxiloketa, komisaldegiko torturak eta ondorengoko espetxeratzea, senideak bakarrik sentitzen dira. Funtsean Etxeratek laguntzen ditu senide berri horiek eta oso garrantzitsua da senideek bizi behar duten momentu zail eta gogor horietan babestuak egotea.
Finean, gure senide presoen eskubideen defentsa da batzen gaituena.

Nola bizi dute senideek Barne Ministerioak mantentzen duen espetxe politika , hau da, dispertsioa?

Min eta sufrimendu handiarekin. Asteburu guztietan milaka pertsona errepideetara ateratzen dira milaka kilometro egitera. Baditugu kasu estremoak, badira espetxean 20 urtetik gorako zigorrak beteta dituztenak eta ondorioz badaude senide asko oso nagusiak direnak, beraientzat horrelako bidaiak egitea oso arriskutsua da. Horrez gain, haurren kontua dago. Gasteizen badaukagu Chema Matanzasen (Puerto de Santamaria espetxean) eta Maite Diaz de Herediaren (Topas Salamancako espetxean) semearen kasua, gurasoak espetxe desberdinetan ditu eta ia 2000 kilometro egin behar ditu gurasoak ikusteko eta gainera bananduak.

Espetxe barruan ere ezinegon handiarekin bizi dute. Larritasun handia dago jakiteko ea ondo heldu zaren etxera, edota istripuren bat eduki duzun beldur izaten dira. Dispertsio urte luze hauetan 17 senide hil dira errepideetan. Azkena, Teruelerako bidean Unai Gonzalez preso gasteiztarraren aubea. Eta Espetxe barruan 21 preso hil dira dispertsioa dela eta.

Dispertsioa zentsu guztietan ematen da. Alde batetik, jaioterritik, ingurune sozialetik, lagun eta senideetatik urruntzen dituzte presoak. Bestalde, haien artean sakabanatuak daude ehunka espetxeetan. Binaka jartzen dituzte eta askotan isolatuak daude egunean 22 orduz. Sufritzen duten bakardadea oso handia da. 

Kalean militante ziren moduan espetxean militante izaten jarraitzen dute, EPPKren (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) parte dira. Erraza da kolektiboarentzat erabaki bateratuak hartzea?

Hori haiek erantzun beharko lukete, zaila da galdera horri erantzutea. Bananduak daude eta garrantzitsua da gertu eta elkarrekin egotea, ez bakarrik dispertsioaren kontra gaudelako, baizik eta haiek ahotsa eduki behar dutelako. Euskal Herrian ematen ari den prozesuaren parte aktibo izan behar dira eta horretarako eztabaidatu eta erabakiak hartu behar dituzte. Ezinbestekoa da elkarrekin egotea.

Aipatu dituzun zailtasunekin, kolektiboak Gernikako akordioarekin bat egin zuen duela gutxi. Haien esanetan konflikto politikoaren parte diren moduan bere ebazpenaren parte izan behar direlako. Helburu horrekin, kolektiboak aurre-pausua eman du. Horri erantzuna emateko, zein neurri hartu beharko lituzke Espainiar Gobernuak?

Gobernuak Euskal Herri osoak eskatzen diona egin beharko luke. Gaur egun gehiengo sozialak uste du presoak EHan egon behar dutela, gaixo larri dauden presoak haien etxeetan, kondenaren hiru laurdenak beteta dituztenak aske … luzea da Gobernuak egiteke dituen gauzen segida. Momentu honetan ikusten ari gara Estatuak egin beharko lukeenaren kontrakoa egiten ari dela edo behintzat jarrera pasibo batean dagoela. Interes politiko handiak daude tartean, baina eskubideen urraketa eten beharko luke Estatuak. 

“Egin dezagun bidea” leloarekin urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deituta dago Euskal Herri guztia. Herri mobilizazio orokorra izatera deituta dago, Kolosala izango dela irakur daiteke kaleko propagandan. Aurten ere Etxerateko kideak bertan egongo dira bere senide presoak ordezkatuz. Zer espero duzue manifestazioaz?

Espero dugu kaleak betetzea espetxeak hustutzeko. Oso garrantzitsua da aurten mobilizazioa, izan ere etapa berri baten atarian gaude, eta inoiz baino gehiago presionatu behar dugu euskal preso politikoen eskubideak errespetarazteko. Egiten dugun analisia sinplea da, uste dugu momentu honetan Europan ematen ari den biolentzia politiko handiena hemen ematen ari dela euskal preso politikoen kontra. Gaur egun, ez dira bakarrik senideak konprometituak daudenak, baizik eta euskal gizartearen zati handi bat ere. Gainera gainerako herrien elkartasuna oso handia izaten ari  da, batez ere herri latinoamerikarrena eta Europako beste herri batzuena ere. Beraz, bai, espero dugu benetan kolosala izatea. 

Euskal Herrian gatazka politiko bat dagoela ulertzen bada, ezagutzen ditugun gainerako errealitateak hordik eratorriak dira, baita biolentzia guztien biktimen sufrimendua ere. Zer sentitzen dute Etxerateko senideek terrorismoaren biktimez hitz egiten entzuten dutenean?

Bakoitzak era desberdin batean bizi du Etxerat oso zabala delako. Nik pertsonalki pentsatzen dut Etxeratek momentu honetan presoen senideak eta presoak konfliktoaren biktima direla aldarrikatzen duela. Guk hori nahi dugu, biktima guztien aitorkuntza.

Gutxi gorabehera 64 gasteiztar daude preso arrazoi desberdinengatik eta adin desberdinetakoak, kontuan hartu barik ihesean edota zigorren zain daudenak. Ze panorama usten du honek Gasteizko Etxeraten?
 
Urte batzuetatik hona gauzak aldatu egin dira, eta aldatu dira preso motak. Duela urte batzuk, pertsonak espetxeratzen zituzten erakunde armatuaren parte edo kolaboratzea egotzita, orain preso asko gazte erakunde politikoen parte izateagatik espetxeratuak daudenak aurkitzen ditugu. Beraz, bai aldatu da kolektiboaren egoera.  

Senideen kasuan ez dago hainbesteko desberdintasunik. Honek ukitzen zaitu eta kito, aurre egin behar diozu. Azken finean barruan daudenak erabaki dute, senideek ez. Baina esan beharra dago Gasteizko Etxeraten parte-hartze handia dagoela. Bi asteetan behin batzen gara eta senideen %99a etortzen da. Integratuak eta batuak sentitzen dira, azken finean Etxerat familia bat da. Askoren kasuan gizarteak, lagunak eta gertuko familiak bizkarra eman diete eta Etxerat bere familia bilakatzen da. Hemen ulertuak sentitzen dira, izan ere, hitz egiteko eta konpartitzeko esparrua daukate.

Urte asko daramatzazu senideekin lanean, eta zuk ere izan zara haien sufrimenduaren protagonista. Azaldu daitezke senideen bizipenak, kalean ikusten ez ditugunak, etxe hutsekoak?

Hori azaltzea oso zaila da, bizi ez duzun bitartean ezin duzu ulertu. Oso garrantzitsua da gertaera hauek ematen direnean senideek haien artean babestea, enpatia handia dagoelako. Zuk bizi izan duzu egoera berdina eta ulertzen duzu senide berriaren tristura.

Ezinegona oso handia da, galdera asko egiten dizkiozu zeure buruari, ondo egon ahal da?, ondo tratatu ahal dute? Osasun kontuak, elikadura, bisitak ... Espetxera heltzen zarenean ez dakizu zer topatuko duzun. Ezinegona luzaroan bizitzen duzu, baina barnetik, ez dakizun toki batetatik, indarra ateratzen duzu, indarra borroka egiteko. Bitxia da, urte asko daramaten presoen senideen kasuan, luzaroan tentsio horrekin bizitzera ohitzen direnez presoa etxean dutenean lur jota geratzen direla.
Gainera badakizu barruan dagoen pertsona indartsuak ikusi behar zaituela eta indar guztiak ateratzen dituzu haiek ondo zaudela ikusteko. Eta paradoxikoki haiek egiten dute gauza bera.

Bukatzeko, Etxerateko kide bezala, preso politiko ohi baten ama eta Euskal Herritar bezala, zer da zuretzat askatasuna?

Niretzat askatasuna dena da, utopia Euskal Herri libre batean bizi ahal izatea. Argi dago presoak etxera ekartzea suposatuko lukeela askatasunerantz ibiltzen egongo ginatekeela. Nik 16 urteetatik daramatzat borroka honetan eta askatasuna lortzea Euskal Herriarentzako eta bertan libre izatea nire gailurra da. 
“ Amestu dezakezun gauzarik handiena askatasuna da”




Blaugrana olatuak bernabeu urpedu du

Maria GARDE

Ligako 16. jardunaldian Barcako jokalariek lortu dute garaipena 3 puntuak eskuratuz Real Madril suntsitu baten aurrean.  Mundu osoko telebistek klasikoa jarraitzen zuten atzo gauen eta  madrildarrek bere jokalarien porrota sufritu zuten etxean, Santiago Bernabeun.  Gauardiolaren taldea gailendu zen 1-3 batekin bigarren zatian markagailua irauliz. 

Nahiz eta partida galdu, gloriazko minutuak eduki zituen Mourinhoren taldeak, izan ere partidaren lehenengo jokaldian, 23. segundoan Benzemak 1-0ekoa lortu zuen Victor Valdesen hutsegite larri baten ostean. Valdesek nahigabe Real Madrileko Di Maria erdilariari balioa eman zion eta honek Benzemari erdiratu zion eta buruz sartu zuen aurrelariak.  

Gogor aritu ziren bi taldeek goleko aukerak sortuz etengabean. Casillasek Messi eta Xabiren jaurtiketak eten zituen. Madrildarrek aukerak sortu zituzten era berean, 24. Minutuak Cristianok aukerarik garbiena izan zuen, baina jaurtiketa kanpora zuzendu zuen, partidua amaitu bezain pronto leku guztietako kritikak jasoz.
Partidaren lehengo zatia amaitzeko, 29. minutuan bartzelonako Alexisek berdinketa lortu zuen, Messiren jokaldiri esker.

Bigarren zatian blaugranek gailendu ziren erabat, 7. Minutuan 1-2koa Xavik lortu zuen, bigarren gol horrekin madrildarrak lur jota geratu ziren partida bartzelonako ekipoari emanez. Izan ere, blaugranek partidaren bigarren zatia guztiz menperatu zuten, futbol erakustaldi ikaragarria eskainiz. Cesc Fabregasek 52. minutuan hirugarren gola sartu zuen, 1-3 kokatuz markagailua eta Kataluniako taldeari hiru puntuak emanez. 

lunes, 12 de diciembre de 2011

Klasikoan 1-3 gailendu zen Guardiolaren taldea

Itziar GORRITI ZENEKORTA

Larunbatean gaueko hamarretan futbol zale amorratuentzat mundua geratu egin zen bi orduz munduko bi talde handienen lehia ikusteko. Etxekoentzat beraien zaleen aurrean porrot izugarria izan zen Bartzelona nagusi izan baitzen. 16.jardunaldian, Santiago Bernabeu futbol zelaian hiru puntu baino askoz ere gehiago jokatu ziren. Lehenengo gola 23. segundoan iritzi zen, Vitor Valdesek egindako akatsaren ondorioz, atezain katalanak Di Mariari eman zion baloia eta Benzema jokalari frantsesak sareetara bidali zuen. Norgehiagoka maldan gora jarri zitzaien etxeko taldeari markagailuan aurre hartuz. Lehen minutuetan Mourinhoren taldea eraso aritu zen, baina Guardiolaren taldeak erasoan jarraitu zuen. Horrela, 29.minutuan Messik eginiko jokaldiaren ostean Alexisek berdinketa lortu zuen.



Atsedenaldiaren ostean talde blaugrana nagusi izango zen, bigarren zatia hasi eta zazpi minutura Xavik 1-2koa jarri zuen Marcelok jaurtiketa desbideratu eta gero. Bartzelona markagailuaren aurretik jarri ondoren talde zuria galduta ibiliko da abagune garbirik izan gabe. Talde Kataluniarren 3.gola 65.minutuan iritziko da, Dani Alvesek bigarren zutoinera egindako erdiraketa bat baliatuz Cesc Fabregasek errematatu eta baloia sare barrura bidaliko du. Neurketa 1-3koarekin amaitu zen, hiru puntu garrantzitsuak Kataluniara joan ziren. Zuriak partida bat gutxiago izan arren, Bartzelona da sailkapenaren buru.


domingo, 11 de diciembre de 2011

Kalifikazio agentziak: iritzia edo iruzurra?

Joseba Egino: “ Kalifikazio agentziek fidagarritasun guztia galdu dute”
Maria GARDE



Kalifikazio agentziek egun eman dute arrakastarako saltoa naiz eta 1900. urtera aldera jaio ziren. Honen arrazoi nagusia 2008an hasitako krisi ekonomikoa izan da. Krisian eta krisia aurretik paper garrantzitsua jokatu dute agentziek, bere ardura bonoak, hipotekak, enpresak … kafilikatzea den heinean ezin izan dute krisia aurreikusi. Nola izan daiteke munduko hiru agentzia nagusiek (Moody’s, Standard & Poor’s eta Fitch) milaka eta milaka aktibo, bono eta inbertsio desberdin aztertuta arriskua ez ikustea? 

Aditu askoren iritziz hauek izan dira krisiaren ez zuzeneko eragile nagusietakoak, haien ekintza merkatuan faktore askoren menpean dagoelarik fidagarriak ziruditen entitateek porrot egin dute. Joseba Eginoren uztez, LABen lanean diharduen sozio-ekonomiako arduraduna, agentziek krisi arriskua ezkutatu zuten interes propioak defendatzeko. 

Egunero entzuten ditugu Moody’s-en, Standard & Poor’s-en edo Fitch-en izenak, baina zer da kalifikazio agentzia bat? Zein da haien betekizuna? Ze paper jokatu dute mundu finantzieroan? 

Zer dira?

Kalifikazio agentziak entitate independenteak dira, hauek enpresak, estatuak, bakuek eskainiko bonoak, hipotekak, aktiboak … baloratzen dituzte, eta kalifikazio bat ematen diete bere egoera finantzieroaren arabera. Beraz, kalifikazio agentzia baten funtzioa nagusia aktibo finantzieroak emititzen dituzten enpresen orainaldiko eta etorkizuneko kaudimena baloratzea da, horrela inbertitzaileei eskaintzen die nolabaiteko garantia bat, kalifikazioaren bitartez agentziak baloratuko du enpresa kapazitatea izango duen ala ez interesen, bonoen, kupoien … ordainketak egiteko.

Hamarkada luzeetan zehar balorazio hauek legitimoak izan dira merkatuan, ematen ziren inbertsioen gaineko arriskua neurtzeko erabiltzen direlako. Eginoren iritziz inbertitzaileak garrantzi handia ematen diete kalifikazioei, “Normalean inbertsio erabakiak hartzeko bi parametro baloratzen dira, arriskua eta errentagarritasuna, ustez kalifikazio agentziek honen gaineko informazioa emango digute, hau da, inbertsioa baloratzeko orduan, 2 inbertsio posible baditugu errendimendu berdinarekin arrisku gutxiago daukana hautatuko dugu”. Horregatik agentzien kalifikazioak dira hain garrantzitsuak, inbertitzaileek normalean hauetaz fidatzen direlako, beraz agentziek esandakoaren arabera jokatzen duten. Gainera, enpresa pribatu hauek influentzia handia daukate munduan eta ekonomia heurek emandako kalifikazioen inguruan mugitu izan dela adierazi digu Joseba Eginok. 

Agentziek kalifikazioa emateko rating kalifikazio eskala erabiltzen dute. Lehen aipatutako agentzia nagusiek letra bidezko sistema erabiltzen dute, AAA kalifikazio nagusia izango litzateke,  C Moody´s-en kasuan balore txikiena izango litzateke, aldiz, Standard & Pooors eta Fitch en kasuan kalifikazioa txikiena D letra izango litzateke. 



Ebaluazio prozesua:

Kalifikazio agentziek puntuazio bat jarri beharreko errealitate konplexua gainditu behar dute, zaila baita kalifikazio rating batekin mota askotako enpresa, banketxe, estatu … kalifikatzea. Enpresen kasuan kontuan hartu behar dira, sektorea, enpresaren dinamika eta identitate propioak, momentuko ekonomiaren egoera … Beraz agentziek metodologia bat ezartzen dute entitate guztiak kalifikatzeko, horrek prozesua konplexua izatea dakar. 

Enpresa baten azterketa prozesua hasi egiten da enpresa beraren eskakizunagatik, hau da, enpresa kalifikazio agentziari eskatzen dionean ratign-aren garapena. Nahiz eta prozesua oso luzea izan daitekeen, normalean 4-7 aste bitartean garatzen da. Azterketan enpresaren zuzendaritza ekipoa parte hartuko du era aktibo batean.

Era orokor batena definitzen badugu, 3 linea desberdin baldintzatzen dituzte agentzia guztien balorazioa: kudeaketa eta zuzendaritzaren kalitatea, enpresaren egoera sektorean, merkatuan nola kokatua dagoen eta estrategia finantzieroa.


Estrategia korporatiboari dagokionez, zuzendaritza ekipoarekin elkarrizketa bidez aztertuko du agentziak. Baloratua izango da ze nolako estrategia jarraitzen duen enpresa, hau elikatzeko ze neurria hartzen dituzten, eta epe labur eta luzean estrategiarekiko markatzen dituzten garapen pausuak. Adibide gisa oso baloratua da enpresaren sendotasuna, hedapen egitasmoak … Marko tenporala garrantzizkoa eta zabala da, iraganetik etorkizunera zuzendua dago, hau da, enpresaren hasieratik hartutako norabide, erabakiak, egon edo ez den egon krisialdiak enpresaren barnean …

Enpresa kokatua dagoen sektorearen azterketa klabea da. Aztertu behar da nolakoa den sektorea: heldua, ziklikoa, lehiakorra, gainbeheran dagoen ala ez … Horrek kokatuko du enpresa egoera batean ala bestean merkatuarekiko, hau da, inbertitzaile, lehiakide eta bezeroekiko. Beraz, sektorearen kalitatea erreferentzia izango da rating-a garatzeko. Honekin jarraiki aztertu egingo da nola dagoen kokatuta enpresa sektorearen barnean, hau da, nola dagoen kokatua merkatuan. Honetarako konparatua izango da bere sektoreko gainerako enpresekin, hauei ere faktore berdinak eragiten dietelako.

Azkenik, baldintza finantziero historikoak eta etorkizunari begirako aurreikuspenak baloratzen dituzte agentziek: likidezia, kaudimena, zorrak, autonomia finantzieroa, cash flow, hau da, diru fluxuak (sarrerak eta irteerak), estruktura, planteamenduak … 

Datu denak aztertuak direnean, rating-eko komitea batu egiten da, eztabaidatu eta kalifikazioa ezarri egiten du. Ondoren publikatua izango da. Prozesua ez da hemen amaitzen, rating-a dinamikoa delako. Hau da, kalifikazioa eman ostean, jarraipenezko etapa jartzen da martxan. Hau aurrera eramateko agentzia eta enpresaren arteko bilera iraunkorrak zehazten dira. 

Iritzia VS iruzurra:

Balorazio prozesua ikusita esan dezakegu agentziek azken mendean egindako lana berebizikoa izan dela egun munduan indarrean dagoen sistema finatzieroan. Urteetan enpresek eta banketxeek agentziek emandako kalifikazioz baliatuta egin dute bere bidea. Bide horrek gaur egungo krisi sakonera eraman gaituela ikusita, egindako akatsak mahai-gaineratzeko ordua heldu dela adierazi du Eginok.

2000-2007 urteen bitartean munduan bizitako oparotasun ekonomikoan enpresa erraldoi, banketxe indartsuenak … kalifikazio positiboengatik ordaindu egiten zuten. Kalifikazio agentziak entitate pribatuak diren heinean etekina ateratze bidean, AAA kalifikazio altuenak ematen zituzten arrisku handiko inbertsioetan, hipotekatan … Estatu Batuetan ateratako “subprime” hipotekak dira horren adibide garbiena. Nola izan daiteke kalifikazio altuena eduki zituzten “subprime” hipotekak porrot egitea. Joseba Eginoren esanetan, “Inori ez zaio komeni kalifikazio baxu bat, beraz, momentuko xantaia handia izan zen, hau da, edo ematen didazu kalifikazio on bat edo ez dizut ordainduko eta halakoak ematen ziren finantza goi esferetan”. Naiz eta frogatuta dagoen agentzien iruzurra, hauek aterabide erraza bilatu diote epaitegietan, kalifikazioa “gure iritzia” dela esanez, eta horietaz fidatzea ala ez besteen errua izan dela. 

Agentziek fidagarritasun guztia galdu dutela dio Eginok, kalifikazio baten arabera mugitzen den merkatu batean oso erraza bilakatzen da manipulazioa, “Zuk estatu baten zorra B, C edo D (ordaindutakoa ez itzultzeko arrisku oso altua) batekin kalifikatzen baduzu inork ez du zor hori erosiko, beraz agentziek emandako kalifikazioak berebiziko garrantzia dute, egun Europa osoko egoera finantzieroa baldintzatu dezaketelako.” Naiz eta fidagarritasun guztia galdu, agentziek boteretsuak izaten jarraitzen dute, egunero baldintzatzen dutelarik merkatua.

Horren harira eta egun euroak bizi duen krisiaren ondorioz europar buruzagi desberdinen ahotsak, Angela Merkel alemaniar-ararena esate baterako, Europarentzat agentzia propioa baten beharra adierazi dute. Izan ere 3 agentzia nagusiak (Moody’s, Standard & Poor’s eta Fitch) Estatu Batuarrak dira, beraz haien interesak defendatzen dituzte soilik. 





martes, 22 de noviembre de 2011

Kurrikuluma eraiki Vizualize.me plataforman

Maria Garde

Vizualize.me plataformaren bitartez kurrikulum inforgrafiko bat sortzeko aukera daukazu! animatu eta zeure burua aditzera eman era berri batean. Hemen daukazu adibide bat!

Visual.ly-n lehiatu!

Maria Garde

Visual.ly aplikazio berriaren bitartez twitterren arteko konparaketak egin daitezke. Infografikoen bitartez ikus daitezke jarraipenak, tweet kpuruak... Animatu eta egizu zuk zeurea! Hemen daukazu adibide bat!

domingo, 20 de noviembre de 2011

Zeru eta infernuko guda


 
Maria GARDE
Atzo zeruko eta infernuko bideak hautatuak izan ziren. Aingeru eta deabruak arimak borrokatu zituzten leihoko Areto Nagusian. Ikasleak Infernuko bidea, sufrimendu eta gatazkaz beteta, edo zeruko bide apala eta goxoa aukeratu zituzten. Horrela irudikatu dute Zitek Mintegiko kideek ikasleek lan esparrura ematen duten saltoa. 

Zitek Mintegiak EHUko ikasleek abiatutako proiektuak bultzatzea du helburu. Originaltasunezko proiektu teknologiko eta zientifikoak indartzen dituzte, ikasleek lanerako bidea ekin dezaten enpresa propioekin. Mezu hori ikasleen artean zabaltzeko eta aholkularitza eta orientazio plataformaren berri emateko asmoz Zitek Mintegiak Etokizulan ekimena hirugarren urtez jarri du martxan. 

Etorkizulan ekimena, ikasleek lan munduan topatuko dituzten egoera desberdinak  irudikatzen ditu antzerki berritzaile baten bitartez. Aurten "Zure etorkizuneko lanari aurre egiozu" lelopean "Zerua ala infernua?" gaiarekin, bi bide definitu dituzten: zerua enpresa pribatu gisa eta infernua proiektu berrien sorkuntza gisa. Antzerkian murgilduta ikasleak erabakiak hartu beharko dituzten antzezleen laguntzaz. Bide desberdinak lan merkatuan dauden aukera ezberdinak irudikatzen dituzte. 

Zitek Mintegiarekin EHUk ikasleen proiektuak aurrera eramateko apustu garbia egiten du. EHUk abiatutako programaren zuzendariak, María Daizek, honakoa adierazi du: "Mota honetako ekimenen bidez, Unibertsitateak gure ikasleak funtzio hezigarria zein dibertigarria betetzen duten esperientziak bizitzea sustatzen da".

lunes, 14 de noviembre de 2011

Euskal Herriko Unibertsitateak Estatuko gutxien masifikatuak dira

Europako Goi Hezkuntzaren Esparruarentzat oso garrantzitsua da ikasle eta irakasle kopuruen arteko erlazioa, ikasketa pertsonalagoa baita etorkizuna. 

Maria GARDE

Gaur egun, Europa mailan unibertsitateen kalitatea baloratzeko erabiltzen den irizpide garrantzitsuenetariko bat masifikazio datuak dira. Datu hauek lortzeko irakasle bakoitzari zenbat ikasle dagozkion kalkulatzen da. Euskal unibertsitateek 8,2 ikasle irakasle bakoitzeko izanda gainditu egin dute Espainiar estatuko media, 12,4ean kokatzen dena. Datu hauek Eroski Consumerrek urtero argitaratzen duen Unibertsitateen Gidan aurki daitezke.


Banaka aztertuak, Deustuko Unibertsitatea dugu lehengo 7,2 batekin. Honek Mondragon Unibertsitatea eta EHU ditu jarraiki, 7,8 eta 7,9ko ratioekin. Nafarroan, bestalde, NUP 8,5eko ratioa dauka eta Nafarroako Unibertsitateak aldiz 13,1 ikasle ditu irakasle bakoitzeko estatuko media gaindituz.


Desberdintasun handiak daude lehen urteko matrikulazio prezioetan ere, prezioa aldatzen da unibertsitatea eta karreraren arabera. Estatu mailan alderatuta ikasketa batzuetan ere, aski nabarmenak dira aldeak. Adibidez, odontologiako gradua Granadako Unibertsitatean 776 euro balio du matrikula, aldiz Madrilgo Europar Unibertsitatean 15.600 euro.  Euskal Herrian badago alde handia ere. EHUk ditu prezio merkeenak, 980 euroko bataz beste matrikulazio urtean. Jarraiki NUPa dago, 1.047 eurorekin. Unibertsitate publikoak alde batera utzita, euskal unibertsitate pribatuen prezioak nabarmenki igo egiten dira. Mondragon 4.960 €, Deustu 6.535 €, eta Nafarroako Unibertsitatea 8.244 €. Bestalde, alde handia dago prezio eta ikasle proportzioak alderatzen baditugu. 


lunes, 7 de noviembre de 2011

Euskal unibertsitateak dira ikasle bakoitzeko ikasle gutxien dituztenak

Itziar GORRITI ZENEKORTA


Euskal unibertsitateak dira masifikazio gutxien dutenak, Espainiako Estatuko unibertsitate-sistemarekin alderatuz gero. Ikasgeletan zenbateko masifikazioa dagoen jakiteko, irakasle bakoitzari zenbat ikasle dagozkion kalkulatuz jakiten da. Datu hau Eroski Consumerek eguneratutako Gida Praktikoan, http://www.universidades.consumer.es/ aurki daiteke.
Espainian 12,4 irakasle daude ikasle bakoitzeko, euskal unibertsitatean berriz 8,9, estatuaren batez besteko orokorra baino 3,5 puntu  gutxiago. Euskal unibertsitateetan Deustuko Unibertsitateak dauka ratiorik txikiena 7,2 ikasle irakasle bakoitzeko, bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak du ratiorik handiena, 8,5.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruak garrantzi berezia ematen dio ikasle eta irakasle kopuruaren arteko erlazioari, irakaskuntza pertsonalizatuagoa lortzea baita haren zutabe garrantzitsuenetako bat.   
Euskal unibertsitateen artean, EHUk dauka lehenengo urtearen batez besteko presiorik txikiena. Bestalde, Deustu da batez besteko handiena duen Unibertsitatea. Estatu mailan, lehen ikasturteko matrikulan alde handiak daude unibertsitate batetik bestera. Alderik nabarmenena arkitekturako lehen ikasturtean aurki dezakegu, Granadako eta Sevillako Unibertsitateetan 776 euro kostatzen da. IE Segoviako Unibertsitatean, berriz, 18.000euro balio ditu matrikulak.
Unibertsitate-ikasketak bukatu eta ikasketak osatzeko, ikasleek 76 unibertsitate ezberdinetan 2.564 master ofizial egiteko aukera dute, master horiek, batez beste, 1.750 euro balio dute. Autonomia erkidegoei banaka begiratuz gero, Kataluniak, Madrilek eta Andaluziak daukate eskaintzarik ugariena, 500-350 titulu baino gehiago daude aukeran. Aldiz, Errioxan eta Gaztela Mantxan 20 master ofizial eskaintzen dituzte.  

martes, 18 de octubre de 2011

Vizualize.me curriculum infografikoa egiteko aukera

Vizualize.me izeneko web orrialdearen bidez curriculum infografiko bat egiteko aukera izango duzu, bertan zeure ibilibide pertsonal eta profesional ugari azalduko dira. Infografia egin ondoren twitterrean ezagutzera emateko aukera daukazu. Neure twitterrean adibide bat daukazu.

Twitterren produkzio-jardueran oinarritutako infografia bat sortzeko aukera

Itziar Gorriti


Twitterren egin duzun guztia ikusteko aukera izango duzu infografia baten bidez. Horrela lagunekin zuk egineko guztia twitterrean alderatzeko aukera izango duzu.  Hau visual izeneko web orrialdean izango duzu eskuragarri. Nahi baduzu adibide bat daukazu neure twitterrean.



Anima zaitez!

lunes, 10 de octubre de 2011

EHUko Leioako Campusean dentista zerbitzuak ohi baino merkeago

Miren ARRIETA
Itziar GORRITI

Euskal Herriko Unibertsitateko Odontologia Klinikak diagnosi eta terapia zerbitzuak eskaintzen ditu, horrela ohiko kontsultekin alderatuta askoz merkeagoa da beraien zerbitzua. Odontologia klinikako zerbitzua EHUren Bizkaiko Campusean, Leioan, kokatuta dago, Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen eraikinean. 

Odontologia Klinika irakaskuntza laguntza zerbitzua da. Bertan, EHUko Odontologiako ikasleek praktika klinikoak egiten dituzte beren irakasleek gainbegiratzen dituztela. Zerbitzuak unibertsitateko kideei, gizarteari oro har eta, zehazki, gizarte egoera ahulean dauden edo behar bereziak dituzten taldeei odontologia laguntza eskaintzen zaie. Bertan, kalean odontologia klinikak ematen dituzten zerbitzuak eskaintzen dituzte ortodontzia izan ezik, hala nola,  hortz terapiak, protesia, aho medikuntzak, hortz erradiologia… 





Orain arte ikasleak 3.mailan hasten zituzten praktikak baina Bolonia plana dela eta aurten 2. mailan hasi dituzte praktikak. Nerea Frances EHUko 2. mailako odontologia ikasleak adierazi digu gustura dagoela hain goiz praktikak hastearekin. Gaineratzen du "praktikak goiz hastearekin etorkizunean edukiko ditudan arazoei aurrre egiten ikasten dut eta honek konfiantza ematen dit "